EmptyName 8(1)

hIZAN proiektua: Kanpoko gunea

Duela gutxi arte, futbol eta saskibaloi zelaia, frontoi estalia, belardia (baratzarekin) eta parkea ziren ikastolako patioa osatzen zuten guneak. Garapen psikomotorea lantzea eta harremanak ahalbideratzea helburu duten espazioak dira hauek.

Espazio honetan, besteak beste, haurren hatz, esku, beso eta lepoko gihar tonuaren garapenarengan hobekuntzak dakarren rokodromoa gehitu da. Idazketa prozesuaren prestaketarako zuzendua dagoen espazio berria sortu dugu. Honekin batera, arbel erraldoia ere jarri da.

Dena den, haurrek ingurunearekin elkarreraginean hazi eta hezteko duten beharra ikusita, ikastolako inguruetara tarteka ateratzeaz gain, ikastolako belardiaren eremua ere handitu egin da. Orain, haurrek naturarekin harreman zuzena izateko eta esperimentatzeko aukera zabalagoa daukate. Naturarekiko errespetuzko jarrerak bereganatzeko, askatasun sentimendua bizitzeko, arriskuak maneiatzen ikasten joateko eta sormena garatzeko gunea da. Bertan, jolas sinbolikoa eta eraikuntzak ere badute bere tokia.

Haur Hezkuntzakook espazio horietaz gain, Etxea, Montessori eta Arte eta Eraikuntza gelak komunikatzen dituen kanpoko espazioa daukagu. Eguraldiaren arabera jarduera desberdinak egiten dira bertan: esperimentazioa, eraikuntzak, jarduera proaktiboak, etab.

Kanpoko gune hauek guztiek jolasa aberasteko aukera ematen dute eta mugimendu librea, espontaneoa eta autonomoa bultzatu nahi dute. Haien erabilera ez da bakarrik jolas ordura mugatzen, egunean zehar irekitzen diren guneen artean ere baitaude.